2012/02/03
MURRIZTU, BERRERABILI, BIRZIKLATU
Gaur egun, herritar bakoitzak 1,5 kg zabor sortzen du egunean, batez beste. Etxeko zabor horiek (Hiri Hondakin Solidoak deituak, HHS) zabortegietara eta erraustegietara eramaten dira, hori saihesteko ezer egiten ez bada. HHS horien zati handi bat, zehazki bolumenaren % 60, eta zabor-poltsaren pisuaren % 33, ontziez eta bilgarriez dago osatua. Gehienak erabilera bakarrekoak dira, normalean lehengai ez-berriztagarriekin eginak, edo berriztagarriak izan arren, beren birsortzeko gaitasuna gainditzen duen erritmoan ustiatzen direnak (adibidez, zura zelulosa fabrikatzeko), eta erabili ondoren birziklatzeko zailak direnak.
Industria-garapenaren hasieran nagusitutako baliabide naturalen ustiatzeko eredua krisialdian sartu da, iraunkortasunik ez duelako. Krisialdia planeta osoan nabari da, besteak beste, honako ondorio hauekin: ozono-geruzarekin lotutako arazoak, klima-aldaketa, baso primarioen suntsiketa, biodibertsitatearen desagerpena, edo gainarrantzaren ondorioz arrantza-tokiak agortzea.
Orain inoiz baino gehiago, ezinbestekoa da hiru Rak edo urrezko arauak aplikatzea, hau da, murriztea, berrerabiltzea eta birziklatzea, garrantzi-ordena horri jarraiki.
Murriztea
Bilgarri gutxien dituzten produktuak hautatu behar dira, batez ere material birziklagarriak erabiltzen dituztenak, eta plastikozko poltsa gutxiago erabili erosketan.
Energia-kontsumoa ere oso garrantzitsua da. Beraz, adibidez, telebista itzali egin behar da ikusten ez denean, baita argiak ere behar ez direnean. Aholku on bat da kontsumo baxuko bonbillak erabiltzea etxean eta bulegoan.
Azkenik, gogoratu behar da produktu toxikoen eta kutsakorren kontsumoa murriztu egin behar dela, hala nola pilen kontsumoa.
Berrerabiltzea
Zenbat eta objektu gehiago berriz erabili, orduan eta zabor gutxiago sortuko dugu, eta orduan eta baliabide gutxiago gastatu beharko ditugu.
Birziklatzea
Birziklatzearen helburua da hainbat produktutatik osagaiak ateratzea eta antzeko produktuak egiteko berriz erabiltzea. Papera, kartoia, beira eta janari-hondarrak arazorik gabe birzikla daitezke. Horretarako, hondakinak herrietako edo hirietako kaleetan jada ikus ditzakegun edukiontzi desberdinetan banandu behar dira.
Subscribe to:
Post Comments (Atom)
No comments:
Post a Comment